“Arzak. Mundua osoa lau koloretan margotua ” erakusketak Juan Mari Arzaken sukalde-sorkuntzak eta Hasier Etxeberria kazetari eta idazlearen testuak ditu oinarri. Alderdi artistikoenetik abiatuta abangoardia-sukaldaritzaren inguruan hausnarketa eragitea du helburu, horretarako bost zentzumenak baliatuz. Ekainaren 15 arte egongo da ikusgai Ordiziako D’elikatuz Zentroan.
Sei zentzumenok eta, Hasier Etxeberriaren hitzetan, euskal sukaldaritzaren bereizgarri diren lau saltsen koloreak dira M. Luisa López Telleria komisario duen erakusketaren ardatz nagusiak. Ildo horietan barrena gidatzen gaituzten irudiek, objektuek, artelanek, ikus-entzunezkoek, testuek, aitortzek eta abarrek Arzaken unibertsoan murgiltzen gaituzte eta, bide batez, euskal gastronomiaren fenomenoa ulertzen lagundu eta berau ahalbidetu duten balioen inguruan gogoeta bultzatzen dute.
5+1. Bost zentzumenak eta umorea
- Ikusmena. Mundua osoa lau koloretan margotua
- Dastamena. Gure herriarekiko zaletasuna
- Entzumena. Sukaldeko hotsak zuzenean
- Usaimena. Tradizioaren buketak
- Ukimena. Ardoaren ukia
- Eta seigarren zentzumena: umorea
Mundua osoa lau koloretan margotua egitasmoa Hasier Etxeberriaren testuen inguruan gorpuztu da neurri handi batean. Idazle, aurkezle, zutabegile eta gastronomoa, Hasier Etxeberria (Elgoibar, 1957-2017) ZuZeu egunkari digitalaren sortzailea eta Repsol gidaren lankide izan zen.
Erakusketaren kontakizuna honako euskarri dokumental hauek osotzen dute:
- Sukalde liburu-koadernoa: erakusketako irudiak, Juan Mari Arzaken famili-albumeko eta prestatutako plateren argazkiak biltzen dituen argitalpena; horrez gain, errezeta-liburua ere bada, jada partekatutako ondare bilakatu diren errezetak biltzen baititu, platerik bikainenetakoak nola prestatu azaltzen dizkigutenak.
- Dokumentala: Mesas y musas. Izan zirelako gara, garelako izango dira (Zinea sortzen-en ekoizpena). Erakusketaren ibilbidean zehar, ikus-entzunezko sei piezatan Arzak jatetxearen historia kontatzen da. emakumezkoen begirada bat, Juan Mari Arzak zaindu, hezi, lagundu duten emakumeen edo inspirazio iturri izan diren emakumeen lekukotasunaren bidez: ama, emaztea, alabak eta baita areto-, irteera- eta sukalde-buruak ere.