Zekaleen haziak ereiteko garaia.

Baratzea

Aza-aroa denez, azak landatuko ditugu baratzean.
Leku dezente beharko du, hostoak zabaltzean lekua behar baitu, 45-50 zm-tako tartetxoa utzi. Gainera batetik bestera uzten dugun tartearen araberako tamaina hartuko du. Bestetik, aza ezingo dugu edozein lurretan landatu. Lur egonkortua gustatzen zaio. Hau da, ez lur irauli berria, ezta oso lur azidoa ere, beraz karea edo errautsa erruz bota. Aldi berean simaur zaleak dira eta erruz bota beldurrik gabe. Landatu aurretik, komenigarria da landaretxoaren sustraiei ura botatzea, eta ondoren landatu. Behin landatu ondoren, lurra ongi estutu behar da, hotz garaian gaude eta. Berez azak ez dute hotzaren beldurrik eta izotzei ere ongi aurre egiten die. Hala eta guztiz ere, izozte handiko negua bada, aza erre aurretik moztu eta kanpoko hostoak kenduta lasto gainean gorde, ongi iraungo du eta. Babarruna edo lekaleak egon diren lekuan landatzea ez legoke gaizki, nitrogenoa aprobetxatuko baitu.

Ingurunea

Basoetako orbelen artean ezkutaturik, Euskal Herriko historian iragan urrunetik gaur arte lagun izan dugun altxor bat aurkituko dugu, gaztaina alajaina. Gaztainondoaren zura estimatua izan da esaterako eraikuntzarako. Antzina erlauntzak ustutako gaztaina enborrak izaten ziren. Edota antzina, gaztainondoaren egur-ikatz zati bat aldean eramaten omen zen begizkoetatik babesteko. Bestetik berriz gaztaina funtsezko elikagaia izan da historian zehar. Gaztaina gordinak, gaztaina erreak, gaztaina egosiak, irin moduko bat egin eta gaztaina opila ere bai… Era askotan jateko ohitura egon da. Azaroak 1eko egunean jaten dira, arimen eguna ospatuz. Izan ere, azaroko lehen egunek gure kulturako sinesmenei dagokionean misterio handia gordetzen dute.