Museo txiki honetan kakaoaren eta txokolatearen historia ezagutzeko aukera izango duzue. Gure lurraren garapen eta hazkunderako hain garrantzitsua izan zen produktu honen jatorriari buruzko informazioa eskuratuko duzue. Gainera, kandelagintzaren lanbideak zuen garrantziaz ohartzeaz gain, kandelagileak gozogile eta txokolategile bihurtzeko prozesuaren historia kontatuko dizuegu.
Ibilbidean zehar kakaoa lantzeko erabili izan diren makina eta lanabesak ikus daitezke: metateak, txigorgailuak, ehogailuak, txokolaterak …
Museoak bost atal ditu; horietako bat kandelagintzaren lanbideari buruzkoa da, bisitariak asko harritzen dituena. Oso gune berezia da lehengo lantegi elektrikoak nolakoak ziren (1919 ingurukoak) eta ikatz-makinak elektrikoetara nola igaro ziren erakusten duena. Lantegi hori Ignacio Garmendiaren familiakoa zen jatorriz, eta Rafa Gorrotxategik berreskuratu du, txokolatea egiteko lan-kate osoa erakusteko.
Museoa modu librean bisita daiteke (ibilbide osoan zehar dauden QR kodeak dituzten panelei jarraituz, horien bidez azalpen-bideoak ikus daitezke) edo bisita gidatuaren bidez (Rafak edo bere seme Armintzek kakaoaren historia kontatuko dute eta museoko pieza bakoitza azalduko dute, amaitzeko txokolate dastaketa eta “txokolatea” dokumentalaz gozatzeko aukera dago).
Txokolate-tailerrak ere egiten ditugu, Rafa edo Armintzekin museoa bisitatu ondoren. Tailerretan txokolatezko eskulan batzuk egiten dira, bisitariek etxera eraman ditzaten; amaitzeko, “Txokolatea” dokumentala ere ikus daiteke.