Urrian 9tik 18ra Sagardo Astea ospatuko da Igartubeitin. Dolarea martxan ipintzen da, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskainiz.
Zurezko egitura hau indarrez bihurritzea, sagarraren usaina eta lehen muztioaren lurruna, aspaldiko lan baten lekuko izatea…. jardun honetan dena da zirraragarri.
Jarduera honi hasiera emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo lehiaketako irabazleei sariak banatzen dira. GASTRONOMIAK programazioan pisu handia izaten du sagarrean oinarritutako tailer-dastaketak Igartubeitiko sagardoaz lagundurik, errezeten lehiaketa eta inguruan bildutako sagar mota ezberdinen erakusketa: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra,madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste.
Astean zehar sagar zanpaketak izaten dira goizez, ikastetxe, elkarte eta euskaltegietara zuzenduak. Asteburuan berriz, ekitaldia zabalagoa izaten da eta sagar zanpaketez gain, kirikoketa, antzespenak, bertsolariak, txalapartariak izaten dira.
Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzezten dute. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetzen dira.
Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatzen dituzte. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da. Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekartzen da, usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.