Ikerketa lan berri batek eta Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroan katalogatutako informazioak, sagardoa lotura duten XVI eta XVIII mendeetako lau emakumeren bizitza jaso duen ‘Emakume ekintzaileak sagardogintzan’ erakusketaren sorrera ahalbidetu dute. Lourdes Odriozola ikerlariak epaiak eta lege dokumentuak aztertu ostean lortutako informazioari esker, garaiko gizartea eta sagardoaren egoera ere deskribatu duten erakusketa antolatu da, informazioa Jokin Mitxelenaren ilustrazioekin osatuz.
Ausartak, azkarrak, bidegabekerien aurrean kikiltzen ez zirenak. Halakoak ziren Maria Labayen, Maria de Echevarria, Ana de Beroiz y Fagola eta Maria Josefa de Orobio. Ekintzaileak ere izan ziren eta sagardoa izan zuten ogibidearen eta bizimoduaren oinarri. Hain zuzen ere, hori da euren arteko lokarri bakarra. Baina lau adibide besterik ez dira, sagastietan eta sagardoaren salmenta nahiz ekoizpenean emakume ugari aritu baitziren. Baita garraioan ere, emakumezko batelariek eraman ohi baitzituzten pertsonak eta salgaiak, artean sagardoa, Pasaiako portuaren alde batetik bestera.
Izan ere, askotan pentsatzen denaren kontra, garai haietan ere emakumezkoek lana egiten baitzuten. «Gizonak Ternuara, Ameriketara edo Venezuelara kakao merkataritzara joaten ziren, edo ontzioletan eta burdinoletan lan egiten zuten neguan. Emakumeak etxean gelditzen ziren eta baserriek aurrera egiten zuten. Lana egiten zuten, baina egile eta administratzaile bezala gizona agertzen da, beraz, arazo bat ez badago, oso zaila da beraien arrastoa jarraitzea», azaldu du Odriozolak.
Tira egiteko erabili dituen hariak auziak eta epaiak izan dira. Hauetan jasotzen diren testigantzek garaiko moralitatea, gizarte ohiturak… xehetasun ugari ezagutzeko balio dute. Hala, lau emakumeok ezagutarazteaz gain, haien historiak aitzakia ere badira bizi izan zuten garaiaren berri emateko eta sagardoari lotutako ondarea lantzeko. Erakusketa biribiltzeko, egun sagardogintzan diharduten emakumezkoei erreferentzia egiten zaie.
Artxiboetan eskuratutako informazioa osatzeko, Jokin Mitxelena ilustratzaileak lau emakumezko hauek irudikatu dituen marrazkiak egin ditu lortutako informazioa eta Ane Albisuren aholkularitzaz garaian garaiko janzteko moduak oinarri hartuz eta orain arte ezezagunak ziren emakumezko hauei aurpegia jarri die ilustrazio ezberdinen bidez. Honetaz gain, Ahotsak proiektuak bildutako sagardoaren kulturaren inguruko bizipenak kontatzen dituzten adineko 28 emakumeei egindako testigantzak bildu eta proiektatu dira, azken mendean emakumeak sagardoarekin izandako harremana ezagutzara emateko.
Sagardogiroan kanpainaren barruan, Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketa ikusgai izan zen abenduko zubian Sagardo Apuruan (Donostia), eta datozen hilabeteetan helduko da Bilbo, Gasteiz, Ordizia, Ezkio eta Sagardoetxera (Astigarraga), azken honetan Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira.